2011/10/21

EZKABA MENDIKO XVII IBILALDIA

Heldu den IGANDEAN, URRIAK 23, goizeko 9etan, Armendaritz Erregeordearen plazatik (Bernardino Tirapu karrikaren bukaerako errotondatik) aterako gera. Animatu zaitezte eta txartelak hartu (2€) familia osoarendako, txikiendako ere bai. Harekin tontorrean hamaiketakoa izanen duzue eta, itzulitakoan, oroigarria eta agiria Udal plazan.
Ibilaldi honetan gure mendia babestu nahi dugu edozein erasotatik.

Txartelak ostegun eta ostiralean salgai izanen dira ikastetxeko patioan, arratsaldeko 16:45etatik aitzina.

   EZKABA MENDIA GOZA ETA ZAIN DEZAGUN!

2011/10/07

INFORMAZIO BILERA: IGEren FUNTZIONAMENDUA

Zuengana jotzen dugu, Patxi Larrainzar IPko gurasoak zaretenez, Guraso Elkartearen funtzionamenduaren berri emateko.

Elkartea denok osatzen dugu eta zuzendaritza-batzarra da elkartearen jardunaren ardatza. Hona batzarra osatzen duten pertsonak: presidentea, presidenteordea, diruzaina, idazkaria eta hiru batzarkide. Guztira, zazpi pertsona.

Guraso elkartearen funtzionamendua batzordeen  arabera zedarrituta dago.
Hona labur azalduta batzorde horiek eta beren eginkizunak:
  • Haurtzaindegi-batzordea. Goizetan, 7:45etik 8:45era, hainbat gurasok haurtzaindegi-zerbitzua behar dugu; aipatu zerbitzua kudeatzeko Haurtzaindegi-batzordea sortu zen.
  • Jantoki-batzordea. Badago jantoki-zerbitzuaren arduradun bat, eta pertsona horrek baditu hainbat eginkizun: zerbitzua ahalik eta kalitaterik handienaz ematea, ordainagirien ordainketa kudeatzea eta enpresa esleipendunarekin prezioak ahalik eta gehien doitzea. Batzordea materialak erosteaz arduratzen da, zerbait hondatuz gero, konpondu egiten du, betiere zerbitzua kalitaterik handienaz emateko asmotan.
  • Eskolaz kanpoko jardueretarako batzordea. Euskarazko jarduerak antolatzen ditu, eguneko hainbat aldi ezberdinetan egiteko (eguerdian edo arratsaldean behin eskolak bukatutakoan). Monitore euskaldunak dituzten kalitatezko jarduerak eskaintzen ditu (musika, dantza, patinajea, antzerkia, xakea...). Batzordeak, halaber, espazioak erreserbatzen ditu jarduerak egiteko, irakasleak bilatzen ditu eta ordainagiriak kobratzen ditu.
  • Patxi Larrainzar Eguneko festa antolatzeko batzordea. Eskolaren festa eguneko jarduerak antolatzen ditu, ekainaren lehen larunbatean.
  • Obra-batzordea. Eskolak dituen egitura-arazoak konpontzen saiatzea, horra batzorde honen eginkizuna. Aurreko ikasturtean Eskola ondoan zeuden telefonia mugikorreko antenak kentzea lortu zuen, bai eta ikastetxean hainbat hobekuntza egitea ere. Aurtengo lehentasuna Eskola urte anitzeko udal-planean sartzea da, seguritateaz eta bizigarritasunez bezainbatean goitik behera berritzeko.
  • Institutu-batzordea. Gure seme-alabek lehenago edo geroago institutuan ikasiko dute, eta horrek hainbat kezka sortzen dizkigu, gure erakundeen aurreikuspen faltagatik. Horregatik hain zuzen ere sortu da batzorde hau.
  • Sortzen-Ikasbatuaz batzordea. Gure elkartea Sortzen-Ikasbatuaz D ereduko elkarteen federaziokidea da. Hori horrela, Eskolako pertsona bat joaten da Sortzen federazioak euskarazko murgiltze ereduarekin zerikusia duten gaiei heltzeko aldian behin egiten dituen bileretara.
  • Web-batzordea. Eskolak badu webgune bat http://www.patxilarrainzar.com/. Batzordeak webgunearen edukiak eguneratzen ditu. Horretarako zuek bidalitako materialak (argazkiak, bideoak, eskolako jarduerak, etab.) erabiltzen ditu. 
  • Euskara-batzordea eta auzoarekin harremanetan jartzekoa. Gure Eskola Arrotxapea auzoan dago, eta guk auzoaren partaide izan nahi dugu, gure kaleetan euskararen erabilera bultzatu nahi dugu, eta gure jarduerak –Inauteriak, Korrika, Santa Ageda eguna, etab.- auzokideen artean ezagutzera eman. Hori da, hain zuzen, batzorde honen egitekoa.
  • Guraso-Eskola batzordea. Hitzaldiak antolatzen ditu, gure seme-alaben hezkuntzaz zerikusia duten gaiei heltzeko.
Batzorde hauek guztiak gurasoek osatzen dituzte, eta guraso horiek beren denbora, beren lana eta beren ideiak Eskolaren hobe beharrez eskaintzen dituzte, eskuzabal eskaini ere. Gure esku dago baztordeen funtzionamenduak bere horretan irautea, kudeaketa pribatuaren eskuetan erori gabe.

Horrenbestez, animatu nahi zaituztegu batzordeetan parte hartzera eta ideia berriak mahai gainean jartzera. Aisialdiaren tartetxo bat eskaini, bada, zuen seme-alaben Eskola gero eta kalitate handiagokoa izan dadin.

Une honetan batzorde asko berritu beharra dago. Hori dela-eta, gonbita egin nahi dizuegu hil honen 11ean, 17:00etan, eskolako Areto Nagusian eginen den informazio-bilerara bertaratzeko.


Patxi Larrainzar IPko Guraso Elkartea