2007/10/23

2007/2008 Mintzakide egitasmoa

Mintzakide egitasmoa Iruñerriko hainbat eragileren (euskaltegiak, euskara elkarteak, udaletako euskara zerbitzuak...) arteko elkarlanaren ondorioz sortu zen 2004. urtean.

Mintzakide egitasmoak hitz egiteko ohitura duten hiztunak, ohitura ez dutenekin elkartzean datza. Elkartze horren bitartez euskarazko harreman sare berriak sortzea, euskara ikasle helduen ikas prozesua arintzea eta euskeraren erabilera aisialdian sustatzea bilatzen da.

Mintzakide, euskaraz ongi, nahiko ongi, itxuroso eta erdipurdi hitz egiten duten hiztunei zuzenduta dago. Haiekin guztiekin mintzapraktika lantzeko talde txikiak osatzen dira. Taldetxoak astean behin ordu batez biltzen dira aukeratzen duten ordutegian eta tokian.

Urrian laugarren ikasturteari hasiera emanen diogu, iaz 200 lagunek parte hartu zuten. Aurten egitasmoaren berrikuntzetako bat hainbat ikastetxetan mintzakide taldeak sortzea izango da. Ikastetxe horietako bat Patxi Larraintzar da.

Taldekide guztiak ikastetxeko gurasoak izanen dira. Talde bakoitzak laguntzaile edo bidelagun bat izanen du, bidelagun honek ez du irakaslearen papera hartuko, solasean aritzeko laguna izanen da.

Gure helburua zuen ikastetxean mintzakide taldeak sortzea da. Mintzakide egitasmoan parte hartzeko baldintzak gutxi batzuk besterik ez dira, euskaraz komunikatzeko gai izatea, eta astean behin ordu bat ikastetxeko patioan edo ondoko kafetegian pasatzeko parada izatea. Beraz, euskera bere eguneroko bizitzan erabiltzeko aukera izan nahi duenak, badauka aukera ezin hobea Mintzakide egitasmoan parte hartzeko.

Informazio-orri honekin batera banatu dizuegun izenemate fitxa, zuen gelako ordezkariari eman behar diozue behean ageri den epean. Anima zaitezte!
Izena emateko epea: Urriaren 23tik 25era.
Ikasturte hasiera: Azaroak 5-11 bitarteko astea.

2007/10/22

2007ko urriaren 28an: Ezkaba Mendiko XIV. Ibilaldia

Heldu den igandean, urriak 28, goizeko 9etan, Armendaritz erregeordearen plazatik (Bernardino Tirapu karrikaren bukaerako errotondatik) aterako gara.

Anima zaitezte eta txartelak hartu (2€) familia osoarendako, txikiendako ere bai. Harekin tontorrean hamaiketakoa izanen duzue eta, itzulitakoan, oroigarria eta agiria Udal plazan.

Ibilaldi honetan gure mendia babestu nahi dugu edozein erasotatik.

Txartelak ostegun eta ostiralean salgai izanen dira eskolako patioan, arratsaldeko 16:45etatik aitzina.

EZKABA MENDIA GOZA ETA ZAIN DEZAGUN!
Apyma PATXI LARRAINZAR gurasoen elkartea.
S.D.R.C. ANAITASUNA

2007/10/18

Guraso Elkartearen Batzordeak (2007-2008 Ikasturtea)

Hemen dituzue Guraso Elkartearen batzordeak. Gogora ezazue familia guztiek esku hartu behar dutela Elkartearen jarduerak gauzatu ahal izateko.

¡¡¡ANIMA ZAITEZTE, ZUEN BEHARRA DAGO ETA!!!

Batzorde batean sartu nahi baduzue, jarri zuen datuak orriaren oinean eta emaiozue gelako ordezkariari edo Guraso Elkartearen postontzian sartu, urriaren 31 baino lehen.

- BATZORDE LARANJA eta AURREMATRIKULAZIOA: ohiko eskaerak egin eta bultzatzen ditu (hezkuntza kalitatea, eskola plangintza…), eta aurrematrikulazio kanpainan hartzen du parte.

- SORTZEN: Sortzen taldearen barruan dago gure elkartea, D ereduko beste ikastetxe askotako guraso elkarteekin batera. Guregan eragiten duten gai asko lantzen dira Sortzenen, eta kezkak eraman ditzakegu hara.

- DIRUZAINTZA: guraso elkartearen kontabilitateaz arduratu eta dirulaguntzak eskatzen ditu, besteak beste.

- IDAZKARITZA: guraso elkarteak sortzen eta jasotzen duen informazioa eta agiriak bildu eta sailkatuko ditu, bilkuren aktak prestatuko, gurasoendako informazio orriak idatziko…

- ESKOLA KONTSEILUA: klaustroa, zuzendaritza taldea, irakasle ez diren langileak, udaleko kide bat eta guraso elkartea biltzen ditu zuzendaritza organo honek.

- AUZOAREKIKO HARREMANAK: Arrotxapekoak gara eta hemen dago gure eskola publikoa; horren ondorioz, saiatzen gara auzoan parte hartzen eta bertako giro ona bultzatzen.

- ESKOLAZ KANPOKO JARDUERAK: ikasle kopurua handitu denez gero, batzorde honek beste batzuek baino lan gehiago izanen du. Jarduerarik gustukoena aukeratzen ahal da: futbola, pilota, dantza, judoa, etab.

- JANTOKIA: batzorde oso garrantzitsua da, jantokian haur askok jaten dutelako. Honen lanak, hauek: zerbitzua kudeatzea, enpresarekin hartu-emanak izatea, hurrengo ikasturterako aurreikuspenak egitea…

- GURASO ESKOLA: honen lana, gurasoekin batera hitzaldiak, jarduerak eta abar antolatzea, guztiontzat kezka iturri diren hezkuntza gaien inguruan.

- HAURTZAINDEGIA: lana eta familia egoki uztartu ahal izateko, haurra haurtzaindegian uzteko aukera izaten da, 7’40etatik aurrera. Batzordekideak begiraleekin mintzatzen dira eta zerbitzua zaintzen dute, arazoak sortuko balira haiek konponduz.- WEB: guraso elkartearen web orria diseinatuko du, non sartuko baitira batzordeen informazioa, eztabaida taldeak, bilkuren aktak, bilkuren gai zerrendak…

- ESKOLAKO PERTSONAIA: pertsonaia baten sorrera antolatu eta bideratuko du talde honek, ikasle, irakasle eta gurasoen erreferentzia bihur dadin. Arrotxapearekin zerikusia duen norbait edo zerbait izanen da; horren inguruan ipuin bat, abesti bat…

- JARDUERA SOZIO-KULTURALAK: honen lana da ideiak ematea eskolan horrelako jarduerak egiteko, zuzendaritza taldearekin elkarlanean (erakusketak, liburuaren astea, kulturaren astea, perretxikoen astea, etab.).

- INSTITUTUA: inguruko institutuak aztertuko ditu: gaurko egoera, hurrengo urteetako ikasle kopurua ongi hartuko duen, Hezkuntza Departamentuaren asmoak, ikastetxe berria eskatzea komeni den... Gehienek gaia urrun ikusi arren gero eta beharrezkoa ikusten ari gara batzorde honen sorrera.

2007/10/02

Batzar Nagusi Arrunta

Kaixo denoi,
PATXI LARRAINZAR Guraso Elkarteak BATZAR NAGUSI ARRUNTA egin behar du eta honen bidez dei egiten dizuegu etor zaitezten.

Eguna: urriaren 9an, asteartea.
Ordua: 17:30etan.
Tokia: eskolako Areto Nagusian (eraikin berrian).

Gai zerrenda:
-2007/2008 ikasturterako prestatutako jarduerak.
-Guraso Elkartearen kontuak eta aurtengo kuota.
-Eskoletako esparru banaketa.
-Udaletxeko talde politikoei eta Hezkuntza zinegotziari egindako eskaerak:
patioa zabaltzea, eraikin berrian aurkitutako elementu arriskutsuak zuzentzea eta eskolan atezain euskaldunak izatea.
-Jantokia: sarbideak eta aurtengo erabilera.
-Galde-eskariak.

Batzarrera etortzea oso garrantzitsua dela oroitarazi nahi dizuegu.

Agur bero bat.

2007/10/01

GURASOENTZAKO TAILERRA: Prevención de la violencia de genero

- Data: Urriaren 16, 23 eta 30 eta azaroaren 6 eta 13 (asteartea)
- Gaia: “Prevención de la violencia de genero” (lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailetako seme-alabeen gurasoentzat). Gehienez 16 pertsona. Ikasleek gaia eskolan landuko dute
- Lekua: Areto nagusian- Ordua: 15:00etatik 17:00etara
- Hizlaria: Eva Istúriz y Silvia Marambio (AECUO-Consultoría de igualdad de oportunidades)
- Laguntzaile: Iruñeko Udala

PARTE HARTZE MUGATUA DENEZ URRIAREN 8 (ASTELEHENA) EDO 9AN (ASTEARTEA) INTERESATUOK ESKOLAKO IRAGARKI TAULAN IZENA PARATU BEHARKO DUTE.