2007/10/23

2007/2008 Mintzakide egitasmoa

Mintzakide egitasmoa Iruñerriko hainbat eragileren (euskaltegiak, euskara elkarteak, udaletako euskara zerbitzuak...) arteko elkarlanaren ondorioz sortu zen 2004. urtean.

Mintzakide egitasmoak hitz egiteko ohitura duten hiztunak, ohitura ez dutenekin elkartzean datza. Elkartze horren bitartez euskarazko harreman sare berriak sortzea, euskara ikasle helduen ikas prozesua arintzea eta euskeraren erabilera aisialdian sustatzea bilatzen da.

Mintzakide, euskaraz ongi, nahiko ongi, itxuroso eta erdipurdi hitz egiten duten hiztunei zuzenduta dago. Haiekin guztiekin mintzapraktika lantzeko talde txikiak osatzen dira. Taldetxoak astean behin ordu batez biltzen dira aukeratzen duten ordutegian eta tokian.

Urrian laugarren ikasturteari hasiera emanen diogu, iaz 200 lagunek parte hartu zuten. Aurten egitasmoaren berrikuntzetako bat hainbat ikastetxetan mintzakide taldeak sortzea izango da. Ikastetxe horietako bat Patxi Larraintzar da.

Taldekide guztiak ikastetxeko gurasoak izanen dira. Talde bakoitzak laguntzaile edo bidelagun bat izanen du, bidelagun honek ez du irakaslearen papera hartuko, solasean aritzeko laguna izanen da.

Gure helburua zuen ikastetxean mintzakide taldeak sortzea da. Mintzakide egitasmoan parte hartzeko baldintzak gutxi batzuk besterik ez dira, euskaraz komunikatzeko gai izatea, eta astean behin ordu bat ikastetxeko patioan edo ondoko kafetegian pasatzeko parada izatea. Beraz, euskera bere eguneroko bizitzan erabiltzeko aukera izan nahi duenak, badauka aukera ezin hobea Mintzakide egitasmoan parte hartzeko.

Informazio-orri honekin batera banatu dizuegun izenemate fitxa, zuen gelako ordezkariari eman behar diozue behean ageri den epean. Anima zaitezte!
Izena emateko epea: Urriaren 23tik 25era.
Ikasturte hasiera: Azaroak 5-11 bitarteko astea.

No hay comentarios: