2008/11/07

GURASO ELKARTEKO JUNTAREN ALDAKETA

Denok ongi dakizuenez, Guraso Elkarteko Junta lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak eta diruzainak osatzen dute, eta batzar hori bi urtean behin berritu beharra dago Estatutuei jarraikiz.

Ordezkarien bilkuran erabaki da aurrerantzean Junta ez dela aldatuko osorik, baizik eta aldi bakoitzean bi kide berri sartuz. 2008-2009 ikasturterako baditugu jada idazkaria eta diruzaina, eta horiek printzipioz 2009-2010 ikasturtean aldatuko dira, bi urte egin eta gero; lehendakaria eta lehendakariordea, berriz, aurten hasiko lirateke eta 2010-2011 ikasturterako aldatuko.

Junta berriak, ondo bidean, ikasturtearen hasieran ekin behar zion lanari, baina oraindik inork ez du agertu lehendakari edo lehendakariorde izan nahi duela.

Guraso Elkartean lan egitea parte-hartzeko dauden aukera guztietan eskuzabaltasunez jokatzea da, bistan denez. Aldi berean gogoratu beharra dago Guraso Elkartea kide guztien ardura dela, eta, hortaz, denok dugula nola edo hala esku-hartu beharra, bakoitzak unean-unean dituen posibilitateen arabera.

Zerbitzu hau eman nahi duten pertsonak mintza daitezela Juntako kideren batekin edo, bestela, gelako ordezkariarekin.

Idazki honen bidez beste dei bat egiten dugu, bada, Batzar Nagusia (segur aski azaroaren 20an izanen dena) egin baino lehen behar diren bi pertsona horiek izan ditzagun.

Inork ez badu bere burua aurkezten, Batzar Nagusiak erabakiko du handik aurrera elkarteak nola funtzionatuko duen.

Eskerrik asko denoi esku-hartzeagatik.

Patxi Larrainzar Gurasoen Elkartea

No hay comentarios: