2010/10/17

ARROTXAPEAN EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU!


Gure auzoan, bai eta eskolako gurasoen artean ere, euskaraz dakien eta hizkuntza erabiltzeko nahiko aukerarik ez duen jende asko dago. Hori dela eta, aurten mintzapraktika talde batzuk martxan jarri nahiko genituzke, Mintzakide egitasmoaren bidez


Zer da Mintzakide?

Mintzakide euskaraz txukun egiten duten eta mintzapraktika behar duten pertsonak elkarrekin jartzen dituen programa da. Lau, bost edo sei partaideko taldeak osatzen dira, talde hauek astean behin elkartzen dira, gutxienez ordu batez. Taldea autonomoa da zer egin nahi duen erabakitzeko, kafetxoa hartu, paseoan ibili, kultur emanaldi batera joan... Hau guztia, profesional batek dinamizatuta.

Saio osagarriak:

Mintzakide egitasmoan, ohiko saioez gain, hilabetean behin bestelako saioak antolatzen dira. Saio horiek anitzak izaten dira: afariak, museoetara bisitaldiak, mendi irteerak eta beste hainbat. Saio osagarriak programan parte hartzen duten pertsonentzat eta oro har, euskaldun guztientzat zabalik daude.

Horrez gain, Mintzakide Mendi Taldeak ere martxan jarraitzen du. Mendi irteerak antolatzen dira hamabostean behin inguruko mendietan zehar, baina hau ez da ohiko mendi talde bat, mendian lasai ibiltzea eta euskaraz mintzatzeko aukera baitu helburu.

Zertarako Mintzakide?

Ikerketa soziolinguistiko guztietan ondorioztatzen da euskararen erabilera ez dela jakintzaren neurri berean hazten. Honela, euskaraz hitz egin nahi duten pertsonek ez dute nahi adina aukera aisialdi denboran euskaraz mintzatzeko. Behar hori asetzeko jaio zen Mintzakide, eta bi motatako hiztunei bideratzen die eskaintza: euskara ikasten ari diren eta nahikoa jariotasun ez dutenei, eta euskaraz ongi hitz egiten dutenei, besteei laguntza eman eta euskaraz bizitzeko aukerak zabal ditzaten. 

Izena emateko: urriaren 29a baino lehen atxikia doakizun inskripzio orria bete eta eskolako atezaintzan Guraso Elkarteak duen buzoian utzi. Atezaintzan bertan ere aurkituko dituzu izen-emate orriak. Matrikula doakoa da. Ondoren, azaroaren 8 bitartean, zurekin harremanetan jarriko dira, taldearen berri emateko. Bestela auzoan ere utz dezakezu hurrengo tokietan izango dituzun buzoietan : Zokoa Taberna, Landare denda, De Vinos Taberna, Ipar Gorri Taberna, Zaraitzu Harategia, UDC Rochapea, Arga Taberna eta Orreaga Liburudenda. Orriok aipatutako tokietan ere aurkituko dituzu.

Anima zaitez eta anima itzazu ingurukoak ere!!

Mintzakide egitasmoa eta Arrotxapeako Euskalgintzaren Bilgunea
http://arrotxapeakoeuskalgintza.blogspot.com/

No hay comentarios: